domingo, 31 de marzo de 2013

Urkullu: “Ausardia dugu gure ametsak egia bihurtzeko”

 
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur Euzko Alderdi Jeltzaleak Bilbon burutu duen Aberri Egunaren ospakizun ekitaldian adierazi duenez, “oso harro sentitu ahal zarete. Euskadin osasuna, hezkuntza eta babes soziala bermatuta daude. Ongizatearen oinarriak bermatuta daude. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren bermea”.
“Horixe izan da beti Euzko Alderdi Jeltzalearen bermea. Hori da oinarria. Horiek dira zimenduak. Horretan ari da Gobernua berria. Gure etxearen egiturari eusten. Gure etxearen zimenduak indartzen. Euskadin ongizatearen etxea berreraikitzen. Horretan ari gara. Zimenduak jartzen. Berriro hazteko oinarri sendoak ezartzen”.
Lehendakaria bertaratutakoei zuzendu eta hurrengoa ondo entzuteko esan die: “Ideiak argi ditugu. Konpromisoa hartu dugu. Ausardia dugu gure ametsak egia bihurtzeko. Eta hori guztia dugu… gurekin zaituztegulako. Zeuok ematen diguzue ziurtasuna. Konpromisoa. Ideiak. Behar dugun ausardia. Gurekin zaituztegu”.
“Alderdi handi bat dugu, Aberri handiagoa, aurrera egiteko adorea ematen diguna, bultzatzen gaituena, laguntzen diguna. Hemen dago Aberriaren bihotza” azpimarratu du.