
Iñigo Urkullu
lehendakariak gaur Euzko Alderdi Jeltzaleak Bilbon burutu duen Aberri
Egunaren ospakizun ekitaldian adierazi duenez, “oso harro sentitu ahal
zarete. Euskadin osasuna, hezkuntza eta babes soziala bermatuta daude.
Ongizatearen oinarriak bermatuta daude. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren
bermea”.
“Horixe izan da beti
Euzko Alderdi Jeltzalearen bermea. Hori da oinarria. Horiek dira
zimenduak. Horretan ari da Gobernua berria. Gure etxearen egiturari
eusten. Gure etxearen zimenduak indartzen. Euskadin ongizatearen etxea
berreraikitzen. Horretan ari gara. Zimenduak jartzen. Berriro hazteko
oinarri sendoak ezartzen”.
Lehendakaria bertaratutakoei zuzendu eta hurrengoa ondo entzuteko
esan die: “Ideiak argi ditugu. Konpromisoa hartu dugu. Ausardia dugu
gure ametsak egia bihurtzeko. Eta hori guztia dugu… gurekin
zaituztegulako. Zeuok ematen diguzue ziurtasuna. Konpromisoa. Ideiak.
Behar dugun ausardia. Gurekin zaituztegu”.
“Alderdi handi bat dugu, Aberri handiagoa, aurrera egiteko adorea
ematen diguna, bultzatzen gaituena, laguntzen diguna. Hemen dago
Aberriaren bihotza” azpimarratu du.